sábado, 1 de noviembre de 2008

Herrikolorek Beurko Bagatzako Kultur Bilguneari eginiko elkarrizketa.

Berriro gure artean Peruzikin eta Marizikin!

2008-10-15


Atzotik, urriak 15, datorren igandera arte aukera paregabea izango dugu Bagatzako jaiak gozatzeko. Dantzaldiak, kontzertuak, hitzaldiak, haurrentzako jolasak, kirol txapelketak… Aurten egitarau zabala besapean datoz Peruzikin eta Marizikin, urtero legez, Bagatzako auzoa beraien koloreekin alaitzera. Pertsonaia hauen sorrerari buruz eta Bagatzako jaien inguruan hitz egin dugu Iker Urtiagarekin (Beurko-Bagatzako Kultur Bilguneko kidea)


H.K.: Badira hamabi urte inguru Barakaldoko hainbat auzotako jaietako dirulaguntzak eta udal baimenak kendu zirela. Zer suposatu zuen erabaki hark Bagatzako jaietarako?

Iker Urtiaga: Hasiera batean indarrak mantendu ziren, baina urteak aurrera joan ahala ikusten genuen gero eta mugatuago geundela genituen ideiak eta asmoak aurrera ateratzeko. Debekuak ez zigun uzten kalea erabiltzen erabili behar den moduan eta egun bakarrera mugatu behar izan genuen jaia. Indarra beherantza joan zen, jende askok alde egin zuen eta 12 taldeetatik 4 edo geratu ginen.


H.K.: Zein izan zen erabaki hau hartzeko Udaletxetik eman zen argudioa?

I.U.: Emandako aitzakia izan zen ez zirela jai tradizionalak. Barakaldoko jaiak mantendu zituzten,inguruko auzoetakoak, eta San Bizentekoak, Barakaldoko patroia delako. Gu, hala ere, urtero joaten gara udaletxera gure proposamenarekin udal baimenak lortzeko. Saiatu gara mila modu desberdinetan, aste kultural bezala sartuz, adibidez, baina erantzuna beti bera izan da: data hauetan, Bagatzan, ezin da ezer ospatu edo antolatu.


H.K.: Baina azken urte hauetan ematen du Bagatzako jaiak berriro berpizten ari direla…

I.U.: Bai, orain dela 4 urte batu ginen eta proposamen sendo bat egin genuen: dena bertan behera uztea eta borroka galtzea edo indarrak metatu eta aurrera jarraitzea. Eta lau urtetatik ona jaiek gora egin dute.


H.K.: Eta urte luze hauetan zeintzuk izan dira aurrerapausorik handienak?

I.U.: Gure ustez aurrerapausorik handiena ez da aurten programazioa handiagoa dela edo bost egunetan zehar ospatuko ditugula jaiak, baizik eta jendea berriro hasi dela “jaia” hitza erabiltzen. Eta gero, jendearen inplikazioa gora doala; azken urte hauetan nabaritu dugu jendeak gero eta gogo handiagoa daukala parte hartzeko. Askotan beraiek dira guregana hurbiltzen direnak laguntza eskaintzera edo dauzkaten ideiak eta proposamenak gurekin komentatzera.


H.K.: Eta bueltan zer eskaintzen diote Bagatzako jaiek auzo eta herriko jendeari?

I.U.: Bagatzako jaiak eszenatoki erraldoi bat dira herriko jendeak parte har dezan, herriko jendeak dakiena egiteko edo nahi duena adierazteko edo bere ikuskizuna ezagutarazteko.


H.K.: Zertan dira desberdinak Bagatzako jaiak eta “El Carmenekoak”?

I.U.: Jai gehienetan gauari ematen zaio garrantzia, diru pilo bat inbertitzen da jendea gauez hurbil dadin eta dirua txosnetan uzteko. Txosnak egoteak jendea gauez hurbiltzen du, baina Bagatzako jaietako ezaugarri nagusietariko bat, eta Barakaldo mailan ikusten ez dena da txosnarik ez dagoela, eta jaia egunez dela. Egun osoan zehar ikusten da giroa kalean. Gainera, txosnetan gazteak dira normalean hurbiltzen direnak eta hemen adin guztietako jendea dago. Iaz, adibidez, The Txortains etorri ziren, eta dantzan 18 urteko gazte bat, 60 urteko emakume bat eta umetxo bat ikus zitekeen denok batera.


H.K.: Peruzikin eta Marizikin… nortzuk dira pertsonaia hauek?

I.U.: Orain dela hiru urte sortu genituen jaietako “maskotak” dira. Auzo ilun batean bizi ginenez Peruzikin eta Marizikin Galindotik atera ziren eta haien pinturak eta haien koloreekin alaitu zuten auzoa. Lehenengo urtea haien aurkezpena izan zen, bigarren urtean abestia egin genuen eta aurten abestiaren bi bertsio egingo dira.


H.K.: Antolatu diren gauza guztietatik zein azpimarratuko zenuke?

I.U.: Aurten lehenengo aldiz ospatuko dugu “Santa Teresa Eguna”, asteazkenean izango da, eta txitxarrillo eta parrillada egingo ditugu. Jaiak ofizialak zirenean egun hori ospatzen zen eta nahi duguna da apurka apurka lehen geneukana berreskuratu. Aurten lehenengo aldiz ere “Rock Maratoia” egingo dugu herriko taldeekin. Txiki Txokoarekin jarraituko dugu, apurka apurka bagoaz handitzen eta jolas eta ekimen gehiago sartzen. Azken finean helburua da adin guztietako jendeak bere lekua topatzea jaietan eta ahalik eta estilo eta gustu desberdinen biltzea.


H.K.: Bukatzeko…

I.U.: Eskerrak eman nahi dizkiot laguntza ematera hurbildu diren guztioi: Xake elkartea, Atletismo Taldea, Mendi taldea… Eta jendeari esatea anima dadila etortzera kriston giroa topatuko duelako auzoan. Badakizue… Bagatzako jaietako kantak dioen moduan: “animatu... falta den bakarra baitzara zu!”